Energia-komunitateen bidelagun

Azken urteotan Europatik datozen lege eta zuzentarau ezberdinek herritarra jartzen dute erdian eta orain arte ezagutu ez ditugun aukerak ematen dizkigute energia eremuan eragiteko. Ezagunenak; Autokontsumo partekatua eta energia-komunitateak dira. Herritarrek beraien energiaren ardura hartzeko aukera dute lehenbizikoz, eta zati batean (ez guztiz), merkatu basatiaren eragina leuntzeko balio dute. Horregatik eman diegu funtsezko rola Debagoiena 2030ak daraman eskualdeko trantsizio energetikoaren estrategian (Eraginez Piztu delakoa).

Argindarra sortzeko bide egokia da Autokontsumo partekatua, baina herri eta auzoen garapena bilatzen badugu eta erronkari aurre egiteko herritarrak baldin baditugu, komunitate-energetikoak dira bidea. Eta Debagoienan ematen dira aipatutako baldintzak. Ixotzen (Elgeta), Berener (Bergara) eta Leintzeko Ekiola (Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga) hasiak dira energia-komunitateen lehen urratsak ematen eta beste hiru proiektu lantzen badabiltza eskualdean.

Baina bidea ez da erreza izaten ari, energia-komunitateen eremua (baita trantsizio energetikoa bera ere) eraikitzen ari den eremua da eta oztopoak sortzen ari dira bidean. Energia-komunitateak, irabazi asmorik gabeko kooperatiba izan arren enpresak dira eta energia-komunitate iraunkorrak eta sendoak izan daitezen eredu ekonomiko bideragarriak behar ditugu. Komunitate txikiak izango dira gehienak, proiektu berriak garatzeko ahalmen gutxi izango dutenak. Ez badira elkartzen eta eskalako ekonomia lantzen hasten proiektu berriak garatzea kostako zaie. Legedia eta arauetan orain hasi dira energia-komunitateak lekua izaten, baina berrikuntza guziek bezala denbora eta laguntza beharko dira berritasun hauek ulertzeko…

Honetarako sortzen dugu energia-komunitateak sustatu eta laguntzeko bulegoa: ENERGIAREN PUNTUA. Laguntza gunea, elkartzeko puntua bezala irudikatzen dugu. Energiaren Puntua aipatu diren oztopo hauek gainditzen laguntzera dator. Bidearen hasieratik elkarri laguntzeko beharra ikusi genuen: beharrak identifikatu, soluzioak irudikatu, elkarrekin erantzuna eman… eta Energia Puntua izango da tresnatariko bat. Aipatu nahi deu bide honetan Goiener eta Mondragon Unibertsitatea bide lagun izango ditugula, beraien ezagutza eta ikuspuntuak proiektua aberastuko dutela seguru gaude.

2020ean hasitako trantsizio energetikoaren bidean mugarri izango da lau urte beranduago aurkeztu dugun Energiaren Puntua. Energia trantsizioa lagundu eta azkartzeko tresna izan dadila.

Aritz Ameztegi
Debagoiena 2030

This site is registered on wpml.org as a development site. Switch to a production site key to remove this banner.